XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezinbestean eta larridurak kinaturik mihia dantzan hasi zait eztarriko korapiloa askatu nahian:

- Nagusi, ni ez naiz izan, ikasgelatik hona etorri naiz zuzenean.

- Hori ez da besteek esaten dutena! Eta gainera gezurretan! Argi txakurrari deika eraman ezazu zigor gelara.

Hau orain arte ezagutu dudan lekurik nardagarriena da.

Iluna, txikia, hezea... Ni bezala, askatasuna maite duen batentzat jasangaitza da egoera hau; are gehiago errugabea naizela jakinda.

Une honetan arima herratuen antzera sentitzen naiz.

Nire barnean senti ditzaket nahigabearen ahotsak: zuria banintz arazo guztiak akabo, eta errotariarengana joango banintz irinez nire ilea zuriz tintatzeko? Karea lortuko banu, edo nire buruaz beste egingo banu...

EZ! ezinaren muga gailenduz Ezin daiteke!

Neure osotasunean ez nintzateke neu izango.

Nire izaera eta jatorriari eutsiz eta denei neure burua errespetaraziz aurrera egin beharrean nago.

Hirurogei ordu daramatzat infernu honetan, bi ilargi eta erdi. Infernua bai!

Hemengo hotzak, infernua beroarekin irudikatzen bada ere bakardadeak eta mamu-deabruen ziztadek mailukatzen dute ene loa.

Ustekabean, urteetako nekea gainean duela, kirrinka hots herdoilduen artean, atea zabaltzen hasia da egunsenti berantiarrari leku eginaz.

Nahiz eta zeruko arraultza gorringoa begietan bortizki barneratu, ez da nahi baino lehenago iritsi ihintzez zilarreztutako une aisiagarri hau.